Beti Bizi elkarteak bihartik jarriko du salgai 'Beasain jaietan' urtekaria
Herriko hainbat gunetan izango da salgai, 8 euroan. Baretxoaren pin-a eta 'Aittu' euskara taldearen pegatina oparituko dizkiete liburua erosten dutenei. Urrezko Barea, Mikel Aiestarani emango diote aurten.
Loinatz jaiekin batera, bihar, 09:00etatik aurrera, Bideluze plazan, Loinazko San Martin plazan, Barrendain plazan eta Igartzan salgai jarriko dute Beti Bizi elkartekoek Beasain Jaietan aldizkaria, «Porteriaren azalaren irudiarekin». 8 euroan salduko dute eta Baretxoaren pin-a eta Aittu euskara taldearen pegatina oparituko diete erosleei.
1922an sortutako urtekaria da, «herrian gertatutakoaz eta herriarekin zer ikusia zuen guztia jasotzeko asmoz; hala nola, Beasaingo kultura, tradizioa, ohiturak, kirola, elkarteak, pertsonaiak, bitxikeriak, baserriak, geografia eta abar luze bat beti presente egon dira aldizkariko orrietan».
Dena den, edukian eta diseinuan aldaketa ugari izan ditu denboran zehar. «Hasteko, txuri-beltzetik kolorera pasa izana eta orrialde kopurua dira gehien nabarmentzen direnak, baina maketazioa, argazkiak eta letraren tamaina ere aldatu dira».
Arrazoi desberdinengatik, hainbat urtetan argitaratu gabe geratu izan da Beasain Jaietan. «Jaio eta handik bost urtera lehen etena izan zuen publikazioak. 20 urte geroago, 1947an alegia, beste urtez, eta gero urtero argitaratu zen Loinazko San Martin jaietan. 1967. urtean berriro ere utzi egin zitzaion publikatzari eta, 1979 urtera arte behin bakarrik argitaratu zen, 1973an. urtean». 1979an Beti Bizi elkarteak hartu zuen lekukoa.
Beti Biziko kideek gogoratu dutenez, 1922tik 2018ra arteko Beasain Jaietan urtekari guztiak Beasaingo Udalaren webgunean (www.beasain.eus) daude digitalizatuta.
Urrezko Barea
Bestalde, hiru urtean behin ematen duen saria emango du Beti Bizi elkarteak, aurten, ekainaren 7an: Urrezko Barea. Aurten, Mikel Aiestaranek, Ekialde Hurbileko berriemaile beasandaindarrak jasoko du ohorezko izendapena. Sari ugari jasotakoa da Aiestaran, eta oraingoan, etxean jasoko du.