Musikale jaialdiko lehen kontzertua egingo dute bihar, plazako karpan
Ormaiztegiko Ekain Kulturalaren barruan, kaleko bi kontzertu eta dantza emanaldi bat bat bilduko ditu Musikale egitasmoak. Ertzak taldeak egingo du lehendabiziko kontzertua.
Ekain Kulturala martxan da, eta harekin batera dator Musikale jaialdiaren IV. ekitaldia ere. Ertzak taldeak egingo du jaialdiko lehenengo kontzertua bihar, 20:00etan, Muxika plazako karpan. Ertzak Bergaran sortutako taldea da, 2017an, eta folk musika jorratzen du. Iaz autoekoitzitako Gaur lana argitaratu zuten; sei abestiz osatutako lana.
Bihar zortzi, hilaren 13an, Karea taldeak hartuko du lekukoa. Goierriko lau gaztek sortutako pop-rock taldea da. Musikale jaialdiaren azken ekitaldiak dantza izango du ardatz eta Ormaiztegiko Dantza Modernoko ikasleek eskainiko dute.
Bien bitartean, gehiago
Musikalez gain, Ekain Kulturalaren egutegia oparoa da. Datorren larunbatean Eztanda ibaia garbitzeko Erreka Eguna egingo dute 10:30etik 13:30era. Hamarretakoa eskainiko zaie parte hartzen dutenei. Antolaketa lanetan udala, herriko elkarteak eta eskola aritu dira.
Igandean, bestalde, arku erakustaldia egingo dute Berjaldegin, 17:00etan hasita; bertan, rokodromoa eta tirolina ere egongo dira, 19:00etatik aurrera. Eta, Gizarte Etxean, Urmaiz abesbatzak sustatuta, Hiru Bidean kontzertua egingo dute.
Hurrengo asteko ekintzak Kalean josteko VI. Egunarekin hasiko dira, ekainaren 11n.