Ainhoa Barbarin preso politiko urretxuarrari bigarren gradua eman diote
Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralak bide eman dio Ainhoa Barbarin preso urretxuarrak egindako eskaerari. Bigarren gradua onartuta, irteteko baimen arruntak eskatu ahal izango ditu.
Hamabost urte espetxean egin eta gero, Ainhoa Barbarin preso politiko urretxuarrari bigarren gradua eman berri diote. Egun preso dagoen Valencia III-Picassent espetxeko Tratamendu Batzordea, Barbarini bigarren gradua ematearen aldekoa zen, baina Espetxeen Instituzioetako Idazkaritza Orokorrak ukatu egin zion gradu aldaketa hori. Barbarinen abokatuak helegitea jarri zuen orduan, Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralean, eta honek onartu egin du preso urretxuarraren eskaera.
Sortuko Presoen Batzordeak azaldu duenez, azken auto horrekin, Ainhoa Barbarin 2. graduko preso izatera pasako da, eta espetxetik irteteko baimen arruntak eskatzeko aukera izango du, nahiz eta iturri beraren arabera, beste kontu bat den baimen horiek emango dizkioten edo ez. Dagoeneko 42 euskal preso politiko dira bigarren gradura aldatzea lortu dutenak, eta horietatik 25 Euskal Herrira gerturatu dituzte, besteak beste Villabona (Asturias) eta Logroñoko espetxeetara, gehienez ere 250 kilometroko distantziara.
Hamalautik bi, bigarren graduan
Egun hamalau preso politiko goierritar daude Espainiako kartzeletan sakabanatuta. Ainhoa Barbarin izango da 2. gradua lortu duen bigarren goierritarra, aurrez Mikel Otegi itsasondoarrari ere eman baitzioten. Gainontzeko 12 presoek, gradu aldaketa eskatu badute ere, ez dute baiezko erantzunik lortu eta lehen graduan jarraitzen dute. Beste formula bat erabili dute Idoia Mendizabal ordiziarraren kasuan, 100.2 artikulua edo ‘malgutasun printzipioa’ aplikatuta. Sortuko Preso Batzordearen ustez ordea, “trikimailu legal bat besterik ez da, bigarren graduan behar luketen presoak lehen graduan” mantentzen jarraitzeko.