'Hegialde Potxola'-ko jaiek ez dute etenik izango asteburuan
Urtatza, San Juan eta Laubide auzoak hartzen dituen Hegialden festak egingo dituzte asteburuan. Nahi baino jende gutxiago aritu da antolaketan, baina egitarau betea osatu dute.
Hegialdeko jaiak hasiko dira bihar, ostiralarekin. Aurretik, hala ere, Xabier Ortiz de Luzuriagaren omenezko BTT martxa egin dute, baita mus txapelketa ere. Gaur, halaber, jaien bezpera girotuko dute Doinua musika eskolako ikasle taldeek. Txupinazoa eta festen hasiera, ordea, bihar izango dira. Pregoilari lanetan Maria Redondo abeslariak errepikatuko du aurten, harekin batera Mikele Arizkorreta 3zpa4 telebista saioko aktorea izango da pregoilaria.
Gaurko atarikoekin hasi eta igandera arte, Hegialde Potxolako jaiek ez dute etenik izango. Elastikoak eta txanoak salgai daude, auzoaren izena bistan dutenak eta auzotarrak haiekin jantzi daitezen deialdia egin dute jai batzordeko kideek; bereziki, etzi, larunbatarekin egingo duten paella janera joateko. Bazkarirako 400 txartel atera dituzte eta gehienak saldu dituzte honezkero. Hala ere, Sonia Manso jai batzordeko kideak oraindik bakar batzuk geratzen direla adierazi du. Bost euroan daude salgai auzoko honako tokietan: Sanchez arropa denda, Rakel belar denda, Hizkuntza liburu denda eta Santa Cruz drogeria.
Janzkerari lotutako beste ohartarazpen bat egin dute, hain zuzen biharko afari herrikoira dotore jantzita joatea eskatu diete auzokoei. Bide batez, afariaren harira beste eskaera bat ere egin dute, eta kuadrilla bakoitzari afarirako beharko duten ontziteria, mahai-tresnak eta ahozapiak eramateko eskaera egin diete, ahal dela, gainera, berre- rabilgarriak izan daitezela galdegin diete.
Amorerik ez
Goitibeheretan San Juan haurreskolako aldapa jaisteko aukera izango dute gazteek zein helduek. Izan ere, Maldan Behera inertzia kirol elkartea auzo-auzokoa dute Hegialden, eta haien eskutik antolatu dute ekitaldia.
Sonia Mansok antolaketan nahi baino jende gutxiago aritzen dela adierazi du: «Belaunaldi berriak inplikatzea nahiko genuke, zeren ez baikara asko lanean ibiltzen garenak eta azke- nerako nekeza egiten baita». Urtero antzekoa gertatzen da, baina ez dute amorerik eman eta jaiek ez dute etenik izan.
Jaietako egitaraua
Gaur, oteguna
- 18:00. Doinua musika eskolako ikasleek girotuko dute arratsaldea.
Bihar, ostirala
- 19:00. Txupinazoa eta jai hasierako pregoia.
- 19:30. Zezentxoak, zapi gorria jantzi eta kalera korrika egitera; gezurrezko zezen handiak eta txikiak, dantza eta jolasak jende guztiarentzat.
- 22:00. Afari herrikoia. Dotore jantzi eta kuadrilla bakoitzak bere platerak, mahai tresnak, edalontziak eta mahai-zapiak eraman ditzala; hala dela, berrerabilgarriak izan daitezela.
- 00:o0. Musika kontzertuak: One Way (Legazpi), Northagirres (Urretxu) eta Low Riders (Zarautz).
Larunbata
- 11:00. Xake txapelketa egongo da bulebarrean.
- 12:00-14:30. Auzoa bisitatzeko txu-txu trenean joateko aukera. San Juanetik, Urtatzatik eta Laubidetik egingo du ibilbidea; ez da haurrentzat soilik, nahi duen jende guztiak erabil dezake, baita ezinduek ere.
- 12:30. Alaitasun errondailak emanaldia egingo du.
- 14:30. Paella jana. Elkarlanean egingo dute auzokoek Saniko kuadrillarekin. Bildutako dirua saharar herriari laguntzeko izango da.
- 16:00. Goitibeheran ibiltzeko aukera irekia gazteentzat eta helduentzat. San Juan haurreskolako aldapan egingo dute eta sariak banatuko dituzte.
- 18:00. Xamaraina a Guarda Pontevedra dantza talde galizarraren erakustaldia. Korosti taldearen bitartez iritsiko dira auzora. Erakustaldia bulebarrean izango da eta, eguraldi txarra eginez gero, pilotalekuan.
- 20:30-21:30. Jamaica Show orkestra. Afalostean segida emango dio kontzertuari, 00:30etik aurrera.
Igandea
- 10:30. Meza Domingo Agirre ikastetxeko jangelan.
- 12:30-14:30. Txu-txu trena.
- 16:00. Hegialde elkarteko boluntarioek haurrentzako eta helduentzako jolasak antolatuko dituzte.
- 18:00. Herri kirolak.
- 19:30. Buruhandiak eta trikitilariak auzoko kaleetan.
- 21:00. Ogitartekoa ,eta su artifizialak ikustera.
- 22:30. Su artifizialekin amaituko dira jaiak. Adi, aurtengoan aurreko urteetan baino goizago izango dira.