Kanpoaren onurarako, euria grazia ederrean
Lurrak estimatu duena erleen kaltean doa, udaberria ez da egokia gertatzen ari ezti ekoizpenerako. Urteko lehen mugurdiak ekarri dituzte feriara Aramatik.
Eguraldia hizpide beste behin ere atzoko ferian, izan ere gora-behera handiak bizi izan ditugu azken aste honetan. Atzo eguraldi bustia eta 13-14 gradu artekoa, baina inor gutxi kexatu zen. «Lurrari mesede ederra, ari den grazian gainera!, gozo-gozo», Maria Dolores Mendizabalen hitzetan. Asteburuko beroak, berriz, hainbat landare hosto erre ere egin ditu, bat-batean gehiegizkoa izan zen. Ez landareak ez pertsonak ohitzeko astirik gabe, alegia.
Barazki eta fruta berriei dagokienez, borraja (2,5€/k) eta mugurdiak (12€/k) ekarri zituzten. Borrajak sortaka saldu ohi dituzte, ontzi txikitan mugurdiak. Ilarraren denboraldia aurrera doa (9-10 €/k); «Nik gaurkoak azkenak, beroak jota ia hauts txuri hori egiten zaie eta kitto», aipatu zigun Kontxi Arizaga zaldibiarrak. Baba, patata, udaberriko aza, tipula, erremolatxa, arbitxoa, letxuga, kukulua… aukeran oraintxe, fresko-freskoak.
Joan zen astean baina gutxixeago, baina atzo ere udaberriko ziza asko: 600 kilo (12-35€/k), baita zizahori, gorringo eta on-ddo batzuk ere.
Hotza, erleen kaltetan
Feriara udazkenen hasi eta udaberri hasiera bitartean etorri ohi den Jon Etxeberria erlezainak, erlezaintzan buru-belarri diharduen honetan, denboraldiaren berri eman du. Izan ere, eguraldiak zer ikusi handia du ondoren salgai izango duen ezti kopuruan, hezetasunean edota ezti motan. Akaziari lorea pasatu eta gaztainarena hastear dagoenean denboraldiaz galdetuta, «urte txarra da momentuz; erleak garai honetan garatu egiten dira, ume sarea handitu egiten dute eta jan asko behar dute. Nahikoa biltzen ez badute, eguraldi hotza eta bustia denean ez dira lanean aritzen eta, gosez hil daitezke». Maiatzak arrisku hori duela zioen. «Akazia garaian txarra egin du eta akazia ezti gutxi izango da, jaso dutena jan egin baitute».
Hemendik aurrera eguraldi hobea espero dute: larran, gaztainan, ezkian, hesi arruntean, eta hirusta zurian arituko dira erleak eguraldia lagun. «Aurtengo eztia mila loreena izango da. Uztailera arte Gipuzkoan eta gero Nafarroa eta Araba aldera mugituko ditut erleak beste lore aldi batzuen bila».
Ikusten ez den makina bat lan bada ferian salgai ditugun ekoizpenetan. Eta gainera, Jonek zioen moduan. «hau ez da ezer segurua, ateratzen da edo ez…». Naturak du azken hitza.