Labaka eta Egizabal Zaldibian ariko dira, bertso-hizketan
Zapiak Bat taldeak antolatuta, bertsoa eta antzerkia uztartzen dituen 'Erradikalak gara' ikuskizuna eskainiko dute Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek, bihar, Zaldibiako Herri Antzokian.
«Behar bada ez gara behar genukeen bezain erradikalak», diote Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek Erradikalak gara ikuskizunaren aurkezpen orrian. Bertsolaritza eta bakarrizketa jeneroak uztartzen dituen saioa Zaldibian egingo dute, bihar, Zapiak Bat elkarteak antolatuta. Antzokian ariko dira, 22:00etan hasita (sarrera, 5 euro).
«Bertsotan» jardungo da Ane Labaka, eta «berritsuketan» Beatriz Egizabal. Lasartearrak dira biak. 2017ko Korrika Kulturalean estreinatu zuten Erradikalak gara proiektua, Lasarte-Orian hasita.
Egunerokotasuna, feminismotik
Egunerokotasuneko gaiak lantzen dituzte, bai bertsotan, bai hizketan: aniztasuna, euskalgintza edo indarkeria, beti ere ikuspegi feminista batetik. Eta umorea dute dena gozatzeko osagai. Saio ugari egin dituzte.