Lazkao Kirol Elkarteak amaierako jaia bihar egingo du
Afari batekin agurtuko dute denboraldia Lazkao Kirol Elkarteko jokalariek, presatzatileek eta zuzendaritza taldeko kideek. Jokalari onenen artean sariak ere banatuko dituzte.
Urteroko ohituran, afaria eginda agurtuko dute Lazkao Kirol Elkarteko futbol taldeetako jokalariek, prestatzaileek eta zuzendariek 2018-2019 denboraldia. Talde bakoitzeko golegile onena, atezain onena eta jokalari saiatuenaren sariak ere banatuko dituzte. Plazako frontoian egingo dute oturuntza eta festa, bihar gauean.
Urteko balorazioa egiterakoan, zapore gazi-gozoa du Lazkao elkarteak. Preferenteko taldea 1. Erregionalera jaitsi da, eta Ohorezko Kadetek ere maila galdu dute. Jubenilen 1. Mailakoak ezin izan du igo, ezta Infantil Txikiak ere. Aurten 7 talde eduki ditu Lazkao KE-k: erregionalekoa, eta bina jubenil, kadete eta haurrenak. Jubenil jokalari kopuru handia (44) eta kadeteena (36) bereziki balioetsi ditu zuzendaritzak. Denera, 144 jokalari dira.
Zuzendaritza berritzeko garaia ere badu elkarteak. Hautagaitzak aurkezteko epea ekainaren 13ra arte da.