Olaberriak Herriarteko 8. finala jokatuko du bihar palan, 6. txapelaren nahian
Finalaurrekoan Errenteria 10 tantogatik kanporatu du. Finala bihar Donostian jokatuko dute olaberritarrek, Debaren aurka. Autobusa jarriko dute doan Olaberritik Altzako pilotalekura
Herriartekoaren historian lehen urrez idatzitako izenari oraindik distira gehiago ematen ari zaio Olaberriko palari taldea. Pala txapelketako finalera sailkatu da berriro, jokamolde horretako 29 ekitaldietan zortzigarren aldiz. Donostiako Altza auzoko pilotalekuan, bihar, ostirala, 19:00etan jokatuko dute Herriarteko finala, Debaren aurka.
Autobusa antolatu dute Olaberrian, Altzara herriko taldea animatzera joateko. Arrietako errotondatik 18:00etan abiatuko da, eta Ihurren igerilekuen parean geldituko da. Altzatik buelta 21:30ean egingo du. Izena udaletxean edo Zezilionean eman behar da (gaur da azken eguna).
Finalaurrekoetan azken tantora arte indarrak xahututa lortu du Olaberriak lorpena, zapatuan herrian bertan. Errenteria kanporatu dute, denera 2-2 eta goierritarren alde 10 tanto direla. Paleta larruz 20-35 galdu zuten, printzipioz irabazteko erosoena zirudienean. Presioa, jasanezin.
Pala motzean, ordea, pronostiko guztien aurka, 40-28 irabazi zuten, eta tanto aldea berentzako ziurtatu gainera.
Olaberria-Deba, lehen aldiz
Sekula ikusi gabeko finala jokatuko dute Olaberriak eta Debak, finalean lehen aldiz elkartuko baitira. Olaberriak zazpi final jokatu eta sei txapela ditu: 2003, 2004, 2005, 2007 eta 2012an irabazi, eta 2013an eta 2014an galdu. Deba hirugarren aldiz iritsi da finalera: 2016an eta 2017an txapeldunorde geratu zen.
Xabier Berasategi, Jose Manuel Garrido, Garikoitz Arrieta eta Imanol Olaran pilotariak saiatuko dira leienda handitzen.