Berotegia lagun, produktu berriak hasi dira saltzen
Ekain erdia izateko hotz egiten du eta horregatik produktu berrien etorrera atzeratzen ari da; hala ere, urteko lehen lekak, kuiatxoak eta luzokerrak ekarri dituzte.
Negu argia eta goxoa izan genuen, udaberri amaiera honetan, berriz, garaian ohikoa den baino tenperatura hotzagoa dugu. Atzo 9 gradu ziren goizeko 8etan eta ez zuen gorakada handirik izan eguerdira artean. Baratzean, aire libreko barazkiek ez dute aurreratze handirik erakusten.
Babesean daudenak, negutegi barnekoak izan ziren atzo ekarri zituzten hiru produktu berriak. Leka ekarri zuen Anoetako Maite Jauregik, kiloa 7 euroan. «Ondo kostata ekarritakoak dira hauek», zioen Maitek. Lehen kuiatxo edo kalabazinak Monteseneko Arantxa Iparragirrek eskaintzen zituen, kiloa 2,5 euroan, bai zuriak baita berdeak ere. Luzoker edo pepinoa Aramako Iturriotz baserrikoa zen; «Ez da asko saltzen dena, baina gustuko duenak gustuko du», azaldu zuen Patxi Arizmendik.
Babak eta ilarrak oraindik ere aukeran daude, baina ia momentu gorena pasatu zaiela esan daiteke.
Garai honetan piperrak ikustea ere normala litzateke, baina oraingoz ez dute ekarri. «Etxean eskukadatxo bat jan dugu, ekartzeko lain ez oraindik» esan zuen Joxe Mari Uzin azkoitiarrak.
Bestetik, hemengo gerezia ugaritu da, eta Itsasokoa, Gabiriakoa eta Errezilgoa zegoen aukeran, 3,5-5 euro artean kiloa. Aramako mugurdiekin eta marrubiekin osatzen da oraintxe hemengo fruten eskaintza.
Plaza inguruan jarri ohi diren postuetan erreparatuz, Nafarroako zainzurien denboraldia bukaeran dela ikus daiteke; postu bakar batean salgai zen atzo (5€/k). Gainerakoan, paraguaioa (2,5-5 €/k), albertxikoa (1,5-4 €/k), muxika (3-4,5 €/k), brinoia (2,75-4 €/k), meloia (1-3 €/k), sandia (1,45-1,65 €/k), uztapikua (8 €/k)… Eskaintza handia da, eta postu batetik bestera alde handia da prezioei dagokienez.
Lehen gibelurdinak
Lasaren postuan kaxa bat gibelurdin jarri zuten salgai, 3 bat kilo, kiloa 30 euroan. Atzoko mikologia eskaintzako garestienetakoa izan zen gibelurdina. Udaberriko ziza asko dago oraindik (12-38€/k), baina ia gorengoa pasatu da eta poliki-poliki gainerako motei tokia uzten doa; hala gorringoa, onddoa, zizahoria eta marasmio jangarria zeuden atzo aukeran.
Lore postuek dotore segitzen dute, kolore, mota eta prezio aukera oso zabalarekin. Lore sortetan, txinatar krabelinez edota lirioz osatuak aukeran, 5 euroan.