Igartubeiti dantzan
Ezkioko baserri museoak, Igartubeiti eta Zinema egitasmoaren barruan, 'Dantza' filmaren errodajean egindako argazki erakusketa ireki du. Irailera arte ikusgai egongo da bilduma
Ez da lehenengo aldia Igartubeiti baserri museoari zinea lotzen zaiona. Aurretik Handia filmaren errodajearen eszena batzuk bertan grabatu zituzten eta hari buruzko erakusketa egin zuten baserrian. Orain, Igartubeiti eta Zinea egitasmo beraren barruan, 2014an Dantza filmaren grabazioak utzitako irudiak, Xabier Artola argazkilariak jasotakoak, bildu dituzte erakusketa batean.
Erakusketa ikusgai egongo da irailaren 30era arte. Interpretazio zentroan jarri dute atal bat, argazki, azalpen, Koldobika Jauregi zuzendari artistikoaren zirriborro zein hark diseinatutako jantziak eta filmaren irudiak jasota. Igartubeiti baserri barruan pantailetan sartu dituzte Artolaren argazkiak, barruko ilunpetan gera ez daitezen.
Atzo Dantza filmaren arima ugari bildu ziren Igartubeitira erakusketaren aurkezpena egiteko. Han izan ziren Telmo Esnal zuzendaria, Marian Fernandez Txintxua Filmseko ekoizlea, Gari Otamendi dantzaria, Xabier Artola argazkilaria eta Juan Antonio Urbeltz folklorista eta filmaren koreografiaren arduraduna. Guztiekin batera, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko jarduneko Kultura Diputatua bertan izan zen, baita Kizkitza Ugarteburu Igartubeitiko arduraduna ere. Elkarrengandik jasotakoa eta elkarri emandakoa agerian geratu zen haien hitzetan. Ezin bestela izan Dantza filmaren emaitza ikusiz gero.
Bereziki eskertu zuten denek Igartubeitiko langileen aldetik jasotako laguntza eta prestutasuna. Telmo Esnalen hitzetan, «zinemagileoi zailtasun asko sortzen zaizkigu bidean eta jarrera lagunkoi hori oso garrantzitsua da guretzat». Artolak Igartubeitin grabatutako eszenen indarrari azpimarra egin zion: «Ez dakit indar hori argazkietan behar bezala jaso dudan». Urbeltzek sagarrari erreparatu zion, «gure espiritualitate sakonenarekin lotuta dago».