San Joan bezperan 110 bat legazpiar aterako dira Alardearen 25. urtemugan
Aurten 25 urte beteko dira Kilometroak ikastolen festaren harira aspaldiko ohitura berreskuratu zutela. 110 bat lagun aterako dira alardean hainbat rol jokatuz. Argazkiak ikusgai jarriko dituzte
Aurtengoa 25. Armen Alardea izango da Legazpin. Askoz handiagoa da kopurua garai bateko ohitura izan baitzen. Alabaina, usadioa galdu zen eta orain 25 urte berreskuratu zuten Haztegi ikastolak antolatutako lehenengo Kilometroak festaren bueltan. San Joan bezperan aterako dira Laubidetik. Oraingoan ere 110 bat lagun izango dira eskopetari, olagizon, kartutxo biltzaile, txilibitero eta abar zenbatuta. Oraindik ere txilibitero gisa atera nahi duenak izena emateko aukera dauka eta joan daiteke Doinua musika eskolan astelehenetan (19:45) eta ostegunetan egingo dituzte entseguetara (20:00).
Urteurrena dela eta, ez daukate ospakizun handirik egiteko asmorik. Floren Gutierrezek azaldu duenez, «argazkiak eta informazioa biltzen dituen horma irudiak jarriko ditugu udaletxean eta Bikuña jauregian». Aurtengo mokadutxoa, behin alardea amaituta, Gizarte Zentroan egingo dutena, «bereziagoa» izango dela gaineratu du.
Alardean aterako diren guztien kopuru handi bat emakumezkoak izango dira. Legazpin ez da sekula emakumeen parte hartzearekin arazorik egon. Hain justu, 30-40 bat lagun andrazkoak izango dira aurten. Alardearen helburua Legazpiko ohitura hori gorde eta transmititzea izan zen, «orain gazte jendea animatzea nahiko genuke».