Xahoren lekukotasuna
Zumalakarregi Museoak Agosti Xaho zuberotarraren Karlistaldi garaiko idazlanak jaso ditu argitalpen berri batean, Nevadako unibertsitatearekin batera. Ormaiztegin aurkeztuko dute gaur
Agosti Xaho idazle zuberotarrak (Atharratze, 1811 Baiona, 1858) Lehen Karlistaldian egindako hainbat idatzi oinarri hartuta, Escritos sobre la Primera Guerra Carlista: Palabras de un vasco. Viaje a Navarra liburua argitaratu du Zumalakarregi Museoak, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroarekin elkarlanean. Asteazken honetan aurkeztu dute argitalpena Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Bertan ziren Xabier Irujo Nevadako unibertsitateko irakaslea, Patri Urkizu idazlea, eta Mikel Alberdi Museoko dokumentazio zentroko arduraduna.
Liburua bi hizkuntzatan argitaratu dute, jatorrizko frantsesezko bertsioan, eta gazteleraz, Justo Garatek eta Rafael Galarzak itzulita. Liburuak Xahoren bi idazlan jasotzen ditu. Batetik, Parisen 1834an argitaratutako Paroles d’un Biskaïen artikulua dago; bertan, Karlistaldiaren sakoneko arrazoiak ulertzeko, «euskaldunen askatasunaren aldeko borroka» ulertu beharra aldarrikatzen du. Bestetik, 1836an argitaratutako Voyage en Navarre pendant l’insurrection des Basques (1830-1835) eleberrian, Karlistaldi betean Nafarroara egindako bidaia kontatzen du, «Tomas Zumalakarregiren irudi erromantikoa» eskainiz. Edizioa Patri Urkizuren «sarrera aberats» batek osatzen du.
Kafe tertulia Ormaiztegin
Donostiako ekitaldiaren ondotik, Ormaiztegin aurkeztuko dute liburua, gaur. Kafe tertulia egingo dute, 19:00etan, museoan. Sarrera doakoa da, baina aurrez eman behar da izena, telefonoz (943 88 99 00) edo mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidean.













