Lan baldintza duinak lortu arte borrokatuko dute erresidentzietako langileek
Goierritik ere igaro da erresidentzietako langileen Zaintza Martxa. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, EH Bilduko eta Podemoseko zinegotziek harrera egin zieten langileei plazan
Gipuzkoako erresidentzietako langileek Zaintza Martxa abiatu zuten pasa den ekainaren 24an Donostian, lan baldintza duin batzuen alde. Langileek 70 egun daramatzate greban lan hitzarmenaren alde. Guztira sei etapa egin dituzte Gipuzkoan barrena. Ostiralean, Goierrin egin zuten bosgarren etapa. Azkeneko etapa igandean egin zuten, martxa hasi zuten tokian, Donostian.
Beasaingo kiroldegi ingurutik abiatu ziren ostiralean erresidentzietako langileak. Goierriko ikasle martxakoek ere bat egin zuten haiekin, elkartasuna adierazteko asmoarekin. Ordizian sartzean San Jose egoitzara igo ziren lehenik. Gutxieneko zerbitzuak egiten ari ziren langileak leihoetara atera ziren Zaintza Martxan parte hartzen ari zirenei animoak eman eta agurtzeko asmoarekin.
Ondoren, Plaza Nagusira abiatu ziren. Bertan, Adur Ezenarro alkateak eta udaleko hainbat zinegotzik harrera egin zieten.
Aldarrikapen nagusiak
Plazara iristerakoan, Idoia Elustondo ELA sindikatuko erresidentzietako arduradunak hartu zuen hitza. «Zaintza duintzea beharrezkoa» dela nabarmendu zuen eta hori lortuta «adineko pertsonak hobe zainduta egongo dira». Aldarrikapenen artean «soldata arrakala» dago. «Zaintzan lan egiten duten emakumeek urtean gizonek baino 6.000 euro gutxiago kobratzen dituzte, %30a da hori».
Horrez gain, ratioaren inguruko kexak ere azaleratu zituen Elustondok. «Egoiliar bakoitzari ez dizkiogu bi ordu eskaintzen, bakoitzari denbora gehiago eskaini ahal izatea eskatzen dugu, lan karga murriztea eta langile gehiago kontratatzea». Adineko pertsonek «beren azken egunak duin igarotzea merezi dute» eta hori guztia lortu arte «borrokan jarraituko» dutela adierazi zuen ELAko ordezkariak.
Ordiziako alkate Adur Ezenarrok eta udaleko EH Bilduko eta Podemoseko zinegotziek harrera egin zieten martxako partaideei Plaza Nagusian. «Zerbitzu publiko bat eskaintzen duten langileen lan baldintzen aurrean administrazio publiko batek, gatazka zerbitzua esleitu zaion enpresa pribatuaren eta langileen artekoa dela ezin du argudiatu». Horrez gain, «langileen gehiengoa emakumeak izango ez balira aspaldi konponduta» legokeen arazoa dela esan zuen Ezenarrok, «emakume izate hutsagatik jasan behar duten soldata arrakala izugarria da». Azkenik, «emakumeen bizkarrera botatako zaintza lanak erdigunean jarri, duten garrantzia aitortu eta behar bezala baloratzea ezinbestekoa» dela ere gehitu zuen.
Erresidentzietako langileek mobilizazioetan jantzita daramaten kamiseta morea oparitu zioten alkateari eta Ezenarrok esker onez eta langileen aldarrikapenekin bat datorrela adierazteko jantzi zuen.
Mobilizazioekin jarraituz, kanpaldia egingo dute Donostiako Boulevarrean, uztailaren 4tik 6ra. Egun horietarako egitarau oparoa antolatu dute.













