Arkeologia, ikasgai eta jolasgai
Aranzadik eta Aitzbitarteko Lagunek antolatuta, Historiaurreko Arku eta Bultzagailu Tiro Txapelketa egiten ari dira asteburuan, San Adriango pasabidearen inguruetan.
Aizkorriko Lagunen XX. Eguna ospatzen ari dira gaur zegamarrak. Egun horren harira, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Aitzbitarteko Lagunak elkarteak antolatuta, XIX. Historiaurreko Arku eta Bultzagailu Tiro Txapelketa ere ari dira egiten, San Adriango pasabidean eta haren inguruetan. Larunbatean 15 bat lagunek parte hartu zuten, eta gaur beste horrenbestek.
Aurrena, San Adrianen egiten ari diren indusketak erakutsi dizkiete bertara gerturatu direnei. Jesus Tapia Aranzadiko arkeologoak azaldu du “sorpresa handiak” aurkitu dituztela bertan, indusketak hasi zituztenetik. “Brontze aroko aurkikuntza ugari egin ditugu, eta baita zaharragoak ere”. Aurten hiru kotatan ari dira indusketak egiten, denak ere pasabidean bertan; horietatik bitan bukatu dituzte lanak dagoeneko, eta hirugarrena laster hastekotan dira. “Duela 14.000 urte tresnak egiteko erabiltzen zituzten harriak eta animalien hezurrak aurkitu ditugu, eta zaharragoak bilatzea espero dugu”.
Baina dena ez da arkeologia eta ikasketa izango. Jolaserako tarterik ere hartzen dute. Aitzbitarteko Lagunak elkartearekin batera, urteak daramatzate historiaurreko arku eta bultzagailuen inguruko txapelketa egiten. Euskal Herritik ez ezik, gure mugetatik kanpoko taldeak etorri dira aurten ere, eta diziplina anitzetan aritzen dira. Jon Zumalabe elkarteko kidearen arabera, “Europa mailan egiten dira mota honetako tiraketak” eta garai bateko erremintak eta materialak ezagutu eta probatzeko aukera ematen die parte hartzaileei. 8 eta 26 metro arteko distantzietan kokatutako dianak erabiltzen dituzte, distantziaren arabera, perimetro handiagoa edo txikiagoa dutenak. Erdiko zirkuluan jotzen duenari 5 puntu ematen dizkiote, eta azken zirkuluan asmatzen duenari bakarra. Taldeka jokatzen dute, eta askok, garaipenari baino gehiago, ondo pasatzeari ematen diote garrantzia. Jolastuz ere, historiaurreari buruz asko ikas daiteke eta.