Richard Carapaz Italiako Giroaren irabazlea Ordiziako Klasikoan izango da
Garikoitz Bravo lazkaotarra eta Alex Aranburu ezkiotarra dira, gaur-gaurkoz, parte hartuko duten goierritarrak.
Richard Carapaz txirrindulari ekuadortarra izango da Movistar Team-eko taldeburua uztailaren 25ean jokatuko den Ordiziako 96. Klasikoan. Gaur eguerdian zabaldu du albistea Klasikoa antolatzen duen Txapel-Gorri elkarteak, eta albiste bikaintzat jo du Italiako Giroaren irabazlea Ordizian egotea. 1 zenbakidun dortsalarekin abiatuko da Carapaz.
Behin-behineko izen-emate zerrendan ageri diren goierritarrak bi dira: Caja Rural taldeko Alex Aranburu ezkiotarra eta Euskadi-Basque Country Muriaseko Gari Bravo lazkaotarra. Bigarren talde horretako zuzendari lanetan Xabier Muriel zaldibiarra ariko da.
Hemeretzi taldek parte hartuko dute aurtengo Klasikoan.