Ataungo Udalak bost batzorde izango ditu, eta izena eman liteke
Ataungo Udalaren 2019-2023 agintaldirako barne egitura zehaztu du gobernu taldeak. Bost batzorde eratu ditu udalak eta buruak izendatu ditu.
Ogasun Batzordea Martin Aramendi alkateak gidatuko du. Hirigintza eta Turismoa Aitor Sukiaren esku geratu da; Kultura, Euskara eta Berdintasuneko burua Irati Arratibel da; Gizarte Ongizate, Parte-hartze eta Kirol Batzordea Maider Urdangarin zinegotziak hartu du; eta Ingurumena, Nekazaritza eta Abeltzaintza Naiara Munduatek.
Batzorde bakoitzaren barruan, eta premiaren arabera, lantalde bat baino gehiago eratzeko beharra egon litekeela eta, irekita utzi du udalak bide hori.
Izena irailaren 15erako
Osatutako udal batzordeetan herritarrek parte hartzeko aukera ere zabaldu dute. Udaletxean izena eman behar dute, izen-abizenak, kontaktu-bideak eta zein batzordetan aritu nahi den jakinarazita. Irailaren 15era arte eman ahalko da izena. «Dena dela, batzordeak irekiak dira eta noiznahi dago aukera izena emateko eta parte hartzen hasteko», zehaztu du udalak.
Zaborraren gaia landuko duen lantaldea sortzeko beharra agertu du jada udalak. Kezka du udalak, zikinkeria eta axolagabekeria ugaldu direlako. «Lotsagarria da herriko zenbait gune eta Agauntza erreka nola egoten diren ikustea», aurreratu du. Zaintza-lana «zorroztu» egingo du, zabor bilketako arauak ondo betetzen direla egiaztatzeko.
Bien bitartean, traste zaharrak hilaren lehenengo eta hirugarren asteazkenetan atera behar direla gogorarazi du udalak. Sasieta Mankomunitatera deitu behar dute herritarrek horien berri emateko, bezperan.













