Aldaketekin dator aurtengo Marino Lejarretaren omenezko lasterketa
Marino Lejarretaren omenezko lasterketaren 5. edizioa izango da urriaren 6an lehiatuko dena, ibilbidearen noranzkoa aldatu dute aurten.
Berritasunekin dator aurten Marino Lejarretaren Klasika, ibilbidean aldaketak egin baitituzte. Norabidea izango da aldatuko dena, izan ere, orain arteko edizioetan egin duten bide bera egingo dute txirrindulariek, baina beste noranzkoan. Hau izango da aurtengoaren ibilbidea: Ordizia-Zaldibia-Larraitz-Abaltzisketa-Amezketa-Alegia-Ordizia. Aldaketa hau egiteko erabakia antolatzaileen eta Ordiziako udaltzaingoaren artean adostua izan da, txirrindularien segurtasuna hobetzeko.
Iazko lasterketan Etxe-Ondo taldeak lortu zuen garaipena gizonezkoetan, 45 minutu eta 15 segundu behar izan zituzten. Emakumezkoetan, berriz, ‘Las amigas de los fardos’ taldea izan zen azkarrena 57 minutu eta 24 segundo behar izan zituzten. Profesional ohien artean, Abraham Olanoren taldea nagusitu zen 45 minutu eta 27 segundoko denborarekin. 91 boskotek hartu zuten parte proban, 455 txirrindulari guztira.
Honez gain, antolatzaileek iragarri dutenez aurtengoan lehen aldiz parte hartuko duten zenbait txirrindulari daude: David Lopez eta Santi Blanco txirrindulari ohiak; eta Burgos BH-ko Angel Madrazo.