Atzo aurkeztu zuten Donostia Hiria torneoa, buruz buruko finalaren errebantxa eta guzti
Abuztuaren amaieran izango da txapelketa, eta bi goierritar izango dira bertan: Jon Ander Albisu eta Iker Irribarria. Azken honek eskuz banakako errebantxa jokatuko du.
Aurtengoan eskuz banakako finaleko errebantxa Donostia Hiria torneoaren barruan jokatuko da, abuztuaren 29an. Aurtengo finalean Iker Irribarria 22-20 gailendu zitzaion Mikel Urrutikoetxeari, eta errebantxan izango du Urrutikoetxeak final horretako arantza ateratzeko aukera aramarraren aurka. Errebantxako partida hau KPilota desafio bat izango da, eta irabazleak 600 botila txakolin jasoko ditu.
Errebantxaz gain, binakako partidak ere izango dira Donostia Hiria torneoan. Lehenengo finalaurrekoa abuztuaren 27an izango da, Olaizola II.a Jon Ander Albisu ataundarrarekin jokatuko du Altuna III.a eta Rezustaren aurka; maila oneko lau pilotari dira eta partida paregabea ikusteko aukera izango da. Bigarren finalaurrekoa ere maila handikoa izango da, Abuztuaren 28an. Erik Jaka sartu dute txapelketan eta Jose Javier Zabaleta izango du bizkarra zaintzen, hauek Artola eta Mariezkurrena II.ak osatutako bikotea gainditu beharko dute finalera pasatzeko. Errebantxako partida eta finalerdiak ordu berean izango dira, 22:15etan hasita.
Finala abuztuaren 31n jokatuko dute, 17:00etan. Finalerdietako garaileek elkarren aurka jokatuko dute torneoa nork bereganatzen duen ikusteko.