Bihar eta etzi jokatuko da Europako segalari txapelketa
Austriako Schärding herrian izango da Europako Segalari Txapelketa, eta Euskal Herriak ere izango du ordezkaritza bertan. 6 goierritarrek hartuko dute parte txapelketan.
Bihar eta etzi, abuztuaren 14 eta 15ean jokatuko da Europako Segalari Txapelketa Schärding herrian, Austrian. Bertan Suitza, Alemania, Hego Tirol, Eslobenia, Eslobakia, Txekia, Britania Haundia, Austria eta Euskal herriko segalariek hartuko dute parte. Txapelketa honetan azkartasuna eta txukuntasuna izaten dira kontuan. Neska gaztetxoek 5×5 metroko saila ebakiko dute, mutil gaztetxoek 5×7 metrokoa; emakumeek 5×7 metrokoa eta gizonezkoek 10×10 metroko saila.
Txapelketa hau 1969an hasi ziren antolatzen, hasieran alpeetako herrialdeen arteko txapelketa moduan, eta 2005etik Europako Txapelketa da. Euskal Herriak 1997an hartu zuen parte lehen aldiz. 6 goierritar izango dira Euskal Herriko taldean, guztiak zaldibiarrak: Josu Mendizabal mutil gaztetxoetan, Miguel Mari Jauregi ‘Altzo’ gizonezkoetan; eta Maide Garmendia, Graxi Elosegi, Angels Breto eta Susana Lopez emakumezkoetan.