Pepe Artzelus organo-jotzaile gabiriarra hil da
Larunbatean zendu zen Jose Antonio "Pepe" Artzelus, 82 urte zituela. Tolosako Santa Maria elizan organista izan zen urte askoan; baita Gaztelubide elkarteko koroan musikari ere. Artzelusen aldekoa izango da Gabiriako San Roke eguneko meza.
Pasa den larunbatean hil zen Jose Antonio ‘Pepe’ Artzelus. Gabiriarra zen izatez baina Ordizian bizi zen, eta organo-jotzailea izan zen urte askoan. Denbora luzez Tolosako Santa Maria elizako organista izan zen Artzelus, baita Tolosako korukoa ere. Organoa, akordeoia eta pianoa jotzen zituen, eta musikaren alorrean ibilbide luzea izan du. Besteak beste, aurrez aipatutakoaz gain, Orquesta Bolero taldearekin eta Gaztelubide elkarteko ‘Orfeon de la Castaña’ koruarekin ere aritutakoa da, baita Ordiziako Santa Ana koralarekin ere.
Bere jaioterrian, Gabirian, festetan urtero jotzen zuen organoa San Roke egunean. ‘San Rokeren martxa’ berak berreskuratu eta birkonposatu zuen organorako eta txisturako. Artzelusen aldekoa izango da San Roke eguneko meza.