Atzo izan zen txupinazoa eta makila jaitsiera Gabirian
Atzo hasi zituzten festak Gabirian makila jaitsiera eta txupinazoarekin. Pregoia aurten 50 urte betetzen dituen Osinalde elkarteko kideek eman zuten.
Egun berezia zen atzokoa gabiriarrentzat, festei hasiera eman baitzioten urtero legez makila jaitsierarekin. Egunari hasiera baserriz baserri herriko txistulariekin biribilketa eginez eman zioten, eta arratsaldean ere horrela jarraitu zuten. 19:00etan, ordea, makila jaitsieraren garaia zen.
Goruntz Dantza Taldekoek Zuberoako makiltxiki dantzatu zuten, eta makila kanpandorretik udaletxeko balkoira jaitsi zuten. Bertan, lehenengo aldiz, Oier Oiarbide alkate berriak hartu zuen eta festak hasitzat eman zituzten. Txupinazoaren garaia ere orduan izan zen.
Bergarako Zezenak izan ziren ondoren haur eta gaztetxoentzat, eta 21:30etan Gazte afaria izan zen herriko plazan, Zutik elektrotxarangaren esku gelditu zen afalondorena alaitzea.
Osinalde elkarteko sortzaileek eman zuten pregoia
50 urte betetzen dira aurten Osinalde elkartea sortu zenetik, eta sorrera honetan parte hartu zuten hiru kideri egokitu zitzaien jaien hasierako pregoia ematea: Tomas Igartzabal, Jesus Maiz eta Juan Mari Asurabarrena. Pregoian azaldu dute herrian kultur mugimendua zabaldu nahi zutela, eta hori garatzeko leku bat behar zutenez, garaiko eskola txiki zaharra utzi ziela garaian alkate zen Santi Agorretak. Ordutik hona hainbat ekintza antolatu dituzte, eta hala jarraitzeko asmotan dira. Pregoia gabiriarrei festetan ondo pasatzea opaz amaitu zuten.