Berritasun ugari izan ditu gaurko azokak
Ordiziako azokara abuztuko bigarren asteazken honetan hurbildu direnek zenbait berritasunez gozatzeko aukera izan dute. Jende dezente zebilen, tartean turistak.
Hotza izan da gaur lehen orduetan Ordiziako azokako hizpide, fresko egiten baitzuen goizeko ordu horietan eguzkia ateratzen hasi den arte. Goizeko lehen orduetan bazebilen jendea, dena den orduek aurrera egin ahala jende gehiago agertzen hasi da.
Kale aza lisoa aurki zitekeen gaurko azokan lehen aldiz, Patxi Arizmendi aramatarrak ekarria eta 1,5€-ren truke zegoen saltzen honen sorta. Koloretako azelgak ere aurki zitezkeen, azelga sorta 0,5€-tan zen; azelga horiak eta moreak ziren. Indaba txuri freskoa edo potxa delakoa ere bazuen eskuragarri azokara hurbildu denak, hau ere berritasuna zen gaurko azokan, 10€-an saltzen zen kiloa leka eta guzti. Leka luzea ere ekarri dute bitxikeria modura lehen aldiz, 40 zentimetroko luzerakoa eta borobila; Maria Jesus Oria itsasondoarrak ekarri du.
Aire zabaleko tomateak ere hasi dira agertzen, 3€-tan zegoen kilogramoa, aire zabaleko piper morroak, berriz, kiloa 4€-an. Basakanak 5-5,5€-an eros zitezkeen, aurreko astean baino merkeago erosteko aukera zegoen, beraz. Sagar dultzea ere merkexeago aurki zitekeen, 6-8€-tan kiloa, aurreko astean 8€-an zegoen. Landatzeko azalore morea ere gaurko azokako beste berritasun bat izan da, 20 zentimoan saltzen zen bakoitza; eta azkenik, physalis landarearen sorta 3€-an zen.
Amaitzeko, mikologiaren atala. Kanpoko produktuei dagokionez, 110 kg onddo zegoen eta 15-30€ tartean saltzen zen honen kiloa. 6 kilogramo gorringo zeuden, honen kiloa 35€-tan saltzen zelarik; eta 38 kg zizahori zeuden salgai, 15-18€ kiloa. Bertakoari dagokionez, gibelurdin kilogramo bat zegoen eta hau 20€-ko prezioan; eta onddo eta gorringoz osatutako kilogramo bat ere bazen salgai, hau 40€-an.