Atzo aurkeztu zuten 'Losers' antzezlana
Jon Plazaola urretxuarrak eta Aitziber Garmendia zaldibiarrak dakarte antzezlan hau, bi "galtzaile" antzezten dituzte aktoreek komedia erromantiko honetan.
Atzo izan zen antzezlanaren estreinaldia Donostiako antzoki zaharrean, 20:00etan. Bertan izango da igandera arte ‘Losers’ antzezlana. 40 urte inguruko bi pertsonaia antzezten dituzte, eta biak ‘loserrak’ edo galtzaileak dira, gizarteak adin horretarako “eskatzen” dituen eginkizunak ez baitituzte bete: bikotekidea aurkitu, haurrak izan, etxe bat erosi, etab.
Antzezlana Marta Bacucha kataluniarraren obra batean oinarrituta dago, nahiz eta hainbat moldaketa egin behar izan dituzten gaur egungo (orain sei urte argitaratua da Bacucharen obra) testuingurura eta bereziki Euskal Herrira antzezlan hau egokitzeko. Jon Plazaola urretxuarra eta Aitziber Garmendia zaldibiarra Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean aritu dira antzezlan honetan.