Gabiriara igoera lasterketa gaur lehiatu da
Jokin Matxinandiarena izan da azkarrena gizonezkoetan; emakumezkoetan, berriz, Naiara Peñagarikano. Guztira 59 lagunek hartu dute parte festen bueltan antolatzen den lasterketa honetan.
Berezia da Gabirian egiten den txirrindulari lasterketa, festen egitarauaren barruan eta festa giroan ospatzen den lehiaketa bat baita. Ormaiztegi eta Gabiria lotzen dituen lasterketa honetan denetariko parte-hartzaileak egoten dira: bizikletan sarri ibiltzen direnetatik hasi, eta urtean behin bizikleta egun honetan hartzen dutenetara. Denbora ona egin duten txirrindulariez gain, haurrekin lasterketan parte hartu duten gurasoak ere aurkitu baitaitezke. Bi baldintza bete behar dira parte hartzeko: herritarra edo herritar baten ondorengoa izatea, eta txirrindulari federatua ez izatea.
Lasterketaren 28. edizioa den honetan 56 lagunek hartu dute parte helduetan. 8 urtetik beherako haurrentzat lasterketa Arrondoeneako bidegurutzetik hasten zen, eta hiru mutiko izan dira irteera arrastoan. Garaipena Amets Elosegik eskuratu du, 8 minutu eta 5 segunduko denborarekin; garaipenaz gain errekor berria ere berea da orain.
Helduei dagokionez, Jokin Matxinandiarena izan da garailea gizonezkoetan. 10 minutu eta 56 segundu behar izan ditu Ormaiztegitik Gabiriara dagoen distantzia egiteko, eta errekor berria jarri du aurtengo garaileak. Aurreko errekorra Josu Odriozolarena zen, 2015ean 11 minutu eta 25 segunduan gelditu zuen kronometroa. 3. garaipena eskuratu du Matxinandiarenak, aurretik 2012 eta 2017an ere garaipena lortutakoa baitzen. Emakumezkoetan Naiara Peñagarikano izan da azkarrena, 16 minutu eta 37 segunduan amaitu du lasterketa eta bere lehen garaipena eskuratu du Gabiriako proban.
Hainbat sari gehiago ere banatu dira lasterketan. Hiru tarteko helmuga zeuden ibilbidean: Merkattegi baserrian, Arrondoenean eta Baztarrika parean. Hauek izan dira azkarrenak tarteko helmuga bakoitzean, hurrenez hurren: Aritz Jauregi Izuzkiza, Asier Izuzkiza eta Iban Azarola. Ormaiztegitik igotzen zen gazteenarentzat saria zegoen, Larraitz Amundarainek eskuratu du hau; eta igoera amaitzen zuen zaharrenarentzat ere bazen saria, urrian 66 urte beteko dituen Jesus Soraluzek eskuratu zuen sari hau.