Iazko lana hobetzea helburu
Aurrendenboraldiko prestakuntza lanekin jarraitzen du taldeak eta Iñigo Marotiasek esan du «sasoi onean» iritsi direla jokalariak. Ostiralean Biarritzen jokatuko dute; liga, berriz, irailaren 15ean hasiko da.
Opor labur batzuen ondoren, pasa den abuztuaren 16tik lanean daude Ampo Ordiziako errugbilariak. Taldeko lana, aurredenboraldiko konpromisoekin uztartzen ari dira eta Heineken ligari irailaren 15ean ekingo diote.
Aurreko denboraldiko lan bikainaren ondoren, ilusioz heldu diote Ampo Ordiziako mutilek aurredenboraldiari. Iñigo Marotias entrenatzaileak «oporren ondoren jokalariak fisikoki oso prestatuta iritsi» direla nabarmendu du, eta horrek «lana asko erraztu» duela. «Oso pozik» dago kluba «jokalariek sasoi onean» ekin diotelako aurredenboraldiari. Hori horrela, hasiera-hasieratik «jokoa lantzen» hasi dira. «Espero bezain ondo edo hobeto» ari direla argitu du ordiziarrak.
Konpromisoak
Azkeneko bi urteetan egin duten moduan, Lekarozen (Nafarroa) bi eguneko elkarretaratzea egin dute talde nagusiko jokalariek eta talde teknikoak. Helburua «intentsitate altuan lan egitea» izan da. Gainera, Euro Basque Rugby Challenge txapelketaren lehen partida ere egun horietan jokatzekoak ziren, Angeluren aurka. Baina arrazoi teknikoengatik bertan behera geratu zen. Bidaia aprobetxatuz, Irungo Bidasoa eskubaloi taldeko jokalariekin ere lan saioa egin zuten.
Txapelketako hurrengo partida Biarritz Olympique Spoir taldearen aurka izango da, Aguileran, hilaren 30ean, 20:30ean. Ordiziarrak txapelketaren finala jokatzeko sailkatzen badira, Altamira zelai berrituan jokatuko dute irailaren 7an.
Ostiral arratsalderako plan ezin obea dugu zuretzat:
— AMPO ORDIZIA (@ORDIZIARUGBY) August 27, 2019
?18:50 @BOPBweb & VANNES Pro2
?20:30 BIARRITZ (espoirs) & AMPO ORDIZIA
Euro Basque Rugby Challenge
?Aguilera zelaian
?Abuztuak 30
? #bultzordizia pic.twitter.com/qC3qCqVoDg
Taldeari dagokionez, «bloke sendoa mantendu» da. Etxeko jokalari garrantzitsu batzuk taldea utziko dute, baina fitxaje berriren bat edo beste ere izan da, Anthony Matoto kasu. Getxon jokatzetik dator eta entrenatzailearen hitzetan, «taldeak falta zuen jokalaria da». Taldekide berriekin lanean hasia da eta «erraz integratu da».
Denboraldiko helburu nagusia « iazko lana hobetzea» izango da, baina pausoz pauso joan beharko dute. Liga irailaren 15ean hasiko da. Altamiran ekingo diote. Egutegiari begiratuta, «partida gogorrak» izango dira «lehenengo lauak». Burgoseko Aparejadoresen aurka neurtuko dituzte lehenik indarrak. Alcobendasen aurka ondoren, Koparako puntuagarria izango den partidan. Segidan derbia jokatuko dute etxean, eta Valladolidera bidaiatuko dute hurrena.