5. Marino Lejarreta Klasikoa ospatu da Ordizian
Hotel Castillo taldeak irabazi du aurtengoan, Omar Fraileren taldeari segundo bat ateraz. Emakumezkoetan berriz, Las Amigas de los fardos taldea izan da garaile. Chapel Gorri elkarteak antolatutako aurtengo edizioan Joseba Beloki eta Hotel Castillo izan dira omenduak.
Bosgarrenez ospatu da gaur goizean Marino Lejarretaren Klasikoa. Bertan, 470 txirrindularik parte hartu dute erlojupekoan.
Sailkapen orokorrean, Hotel Castillo taldea izan da garaile 44 minutu eta 11 segundotan helmugaratu ostean. Segundo bat beranduago ordea pasa du Omar Fraileren taldeak helmuga, profesional ohien sailkapenean lehenengo postuan amaituz. Emakumezkoetan berriz, Las Amigas de los fardos taldeak irabazi du. Aipatzekoa da aurten emakumeek izan duten protagonismoa, parte hartu duten 94 taldeetatik 12 izan baitira emakumezkoak eta 7 berriz mistoak. Eta bukatzeko, zikloturisten artean Donosti/kalas taldea sailkatu da lehen postuan.
Marino Lejarretaren ustez, aurtengo ibilbidea izan da denetan politena. Ibilbideari noranzkoa aldatu izana gustatu zaiola esan du. Gainera, irabazteko nahiak eta ahalmenak alde batera utzi eta bere taldearekin disfrutatzera irten dela aitortu du.
Bestalde, aurtengo edizioan Joseba Belokik eta Hotel Castillok omenaldi polit bat jaso dute.