CAFek Birmingham-erako 21 tranbia egiteko akordioa egin du
Beasaingo konpainiak 90 milioi eurotik gorako kontratua itxi du Erresuma Batuan. Fabrikazioaz gain, 30 urterako mantenua ere hitzardu dute Britainia Handiko WMCA erakundearekin.
Erresuma Batuko Wset Midlands Combined Authority (WMCA) erakundeak CAF aukeratu du Birmingham hirirako 21 tranbia hornitzeko. Kontratuak beste 29 unitate egiteko aukera jasotzen du. Beasaingo konpainiak 2021. urtearen bukaerarako entregatuko ditu aurreneko Urbos unitateak. Tranbien fabrikazioaz gain, 30 urterako euskarri teknikoen eta ordezkoen hornikuntza zerbitzua jasotzen du. Proiektuaren bolumen osoa 90 milioi eurotik gorakoa da.
Hau ez da CAFek Birminghamerako egiten duen aurreneko lotea. Izan ere, gaur egun duten 21 tranbiako flota CAFek egindakoa da, 2012an. 2018an, Greentech teknologiarekin hornitu zituzten, ibilgailuen barrenean energia biltegiratzeko sistemarekin. Sistema horrek hainbat jasi jaso ditu, eta katenariaren beharrik gabe, litiozko ioien bateriekin funtzionatzen dute tranbiek.
CAFek orain eraikiko dituen unitate berriak, dagoeneko ekipatuta egongo dira energia biltegiratzeko sistema horrekin. Hala, ez dute aireko elektrifikazio-ekipoak instalatzeko beharrik izango, eta energia eraginkortasunari dagokionean ez ezik, hirigunearen arkitekturan ere hobekuntzak ekarriko ditu.
Richard Garner Erresuma Batuko CAFeko zuzendaria gustura agertu da kontratua sinatu berritan. “CAFen Urbos tranbia izango da hemen, Erresuma Batuan, intetsitate handiko linea batean funtzionatzeko bateria bidez energia biltegiratzeko teknologia erabiliko duen lehen unitatea. Urbosen diseinu moderno eta zabalak bidaia esperientzia arina, lasaia eta erosoa eskainiko die bidaiariei”.
Autobus elektrikoak, Italian
Bestalde, Solarisek, CAF taldearen filialak, ATM Milanentzat 250 autobus elektriko hornitzeko kontratua lortu du. 2020. urtea bukatzerako entregatuko dituzte.