El Salvadorren aurkakoan 36-35 galdu du Ampo Ordiziak
Partidaren azkenean egin zien ihes garaipenak ordiziarrei.
El Salvador taldearen aurka jokatu zuen asteburuan Ampo Ordiziak baina ahaleginak ahalegin, ezin izan zuen mendean hartu. Partidaren azken minutuetan egin zien ihes garaipenak goierritarrei, 36-35 izan zelarik emaitza. Markagailuan 0-7 aurretik hasi ziren, Olasagastiren entsegu bati eta Cruzen ondorengo transformazioari esker. Ondoren, Goierritarren une ahulena iritsi zen: El Salvadorrekoek 24-10 aurretik jarri baitziren 35. minuturako. Partida erabakita zegoela zirudienean ordea, Ordiziarrek erreakzionatu eta Kawaren entseguarekin atsedenaldiaren aurretik aldea murriztea lortu zuten (24-17).
Bigarren zatiaren hasieratik ordiziarrak ziren jokoan nagusi, aurtengo denboraldiko minuturik onenak jokatu zituzten, kalitate handiko errugbia eginez. Horrela iritsi ziren Apikotoa eta Kortaren entseguak. 65. minutuan 24-35 erakusten zuen markagailuak. 67. minutuan Oier Goiak txartel horia jaso zuen eta bat gutxiagorekin ere Ampokoak kementsu aritu ziren. Denbora jada agortuta zenean iritsi zen Gaztelakoen entsegua eta ondorengo transformazioa. Hori horrela, El Salvadorren garaipenarekin amaitu zen partida.