Sei bertsolari goierritar sailkatu dira Gipuzkoako Txapelketako final laurdenetarako
Gorka Maiz, Nerea Elustondo, Maialen Akizu, Iban Urdangarin, Mikel Tapia eta Amaia Iturriotz sailkatu dira hurrengo faserako. Iñaki Apalategi izango dute zain final laurdenetan.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako azken saioa jokatu dute asteburuan, Lasarten. Mikel Artolak irabazi zuen, eta Eneko Araiztegik seigarren egin zuen; horrenbestez, lehiatik kanpo geldituko da segurarra.
Txapelketako lehen koska 24 bertsolarik gaindituko dute; horietatik zazpi zuzenean pasa dira, kanporaketetako saio bana irabazita. Gainontzekoak berriz, puntuazioz. Langa 416,5 puntutan jarri dute, eta horren gainetik, sei izango dira final laurdenetara pasako diren goierritarrak: Gorka Maiz (441), Nerea Elustondo (439,5), Maialen Akizu (432,5), Iban Urdangarin (420,5), Mikel Tapia (417) eta Amaia Iturriotz (416,5).
Final laurdenak
Sailkatu diren sei bertsolariekin batera, Iñaki Apalategi ere ariko da final laurdenetan. Azken edizioko finalean aritu zen beasaindarra, eta horregatik ekingo dio txapelketari fase horretan. Iban Urdangarin eta biak ariko dira aurreneko saioan; larunbat honetan izango da, Andoainen. Igandean beste saio bat jokatuko dute Irunen, baina Goierriko ordezkaritzarik gabe.
Gorka Maiz eta Mikel Tapia Eibarren ariko dira, hilaren 26an. Amaia Iturriotz eta Nerea Elustondo berriz, Azpeitian, 27an. Eta Maialen Akizuk azaroaren 2ra arte itxaron beharko du, Azkoitian kantatzeko.