Euskadi Fundazioak antolatutako Txirrindu Festa ospatu da Beasainen
Gaur goizean, Beasaingo Udalak eta Euskadi Fundazioak antolatutako Txirrindularitza Festaz gozatzeko aukera izan dute herritarrek, kirol honen kultura zabalduz eta balioak ezagutaraziz.
Antolatzaileen hitzetan, guztira 200 partaide inguru igo dira gaur goizean bizikleta gainera Beasain gurutzatzeko asmoz. Festa honen jatorria Beasaingo Udalaren eta Euskadi Fundazioaren arteko hitzarmen batean oinarritzen da, helburutzat txirrinduaren erabilera sustatzean datzana.
Ibilbidean zehar, herri barruan edota errepidean ibiltzean kontuan izan beharreko aholkuak emanez joan dira. Besteak beste, kaskoa erabiltzeak duen garrantzia azpimarratu dute behin eta berriz.
Txirrindulari profesionalez eta Goierriko txirrindulari taldeez lagunduta joan dira une oro, eta amaieran beraiekin argazkiak atera ahal izan dituzte. Gainera “Orbea” etxeko bizikleta bat irabazteko aukera ere egon da parte hartzaileen artean.