Ugaitz Galartza eta Zelaieta Elkartea izan dira 25. Ardiki Eguneko irabazleak
Ugaitz Galartzak irabazi du 25. Mondeju lehiaketa. Aralarko gazta onena, berriz, Zelaieta Elkartearena izan da.
Zaldibiako 25. Ardiki Eguna ospatu da gaur, 25. Mondeju lehiaketarekin eta Aralarko Gaztaren 22. txapelketa eginez.
Epaimahai jendetsu batek mondeju zuria zein gazta dastatu eta horietatik hoberena zein den aukeratu dute. Gaurkoan, 9 lagunek egin dute epai lana eszenatoki gainean: mondejuaz Iban Mate (Dolarea), Luis Usabiaga (Olano Harategia) eta Eukene Navio (Castillo) arduratu dira. Gaztaz ordea, Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe), Ander Barandiaran (Idiazabal) eta Joseba Beitia (Lurlan).
13:30ak aldera jakin da zeintzuk izan diren aurtengo edizioko mondeju zein gazta lehiaketako irabazle eta sarituak. Andoni Egañak eta Sebastian Lizasok oholtzaratu dituzte irabazleak.
Mondeju lehiaketan 20 partaidek eman dute izena. Horietatik garaile amezketako Unai Galartza suertatu da. Bigarren postua Zaldibiako Modes Sukiak eta Josune Etxeberriak irabazi dute. Hirugarren postuan, Zaldibiako E.A.U.
Aralarko gazta txapelketan 19 izan dira aurten lehiakideak. Zelaieta elkartea izan da txapeldun, lehenengo postuan. Ordiziara joan da gaurko bigarren postuko saria, Joseba Intsaustik ekoizten duen gazta izan delako bigarren sailkatua. Zeraingo Haritz Harreguyk eta Martina Urbistondok itxi dute Aralarko gazta txapelketako sailkapena.
Lehiaketez gain, artzain lanbideen erakustaldiak, artisau postuak, asta-zerra erakustaldiak, eta zenbait abere egon dira denok Ardiki egunaz gozatu ahal izateko.
Janaria eta edaria ere barra-barra izan dute bertaratu diren guztiek. Ekintza gehienak goizean izan diren arren, bazkaldu ostean, erromeriaz eta kalejiraz disfrutatzeko unea ere egon da.