Beste behin, Olano harategia suertatu da irabazle Beasaingo 35. odolki lehiaketan
Beasaindik aurkeztu diren hiru etxeak iritsi dira finalera: Mujika harategia, Muruazpi baserria eta Olano harategia. Azken honek irabazi du zazpigarrenez jarraian Beasaingo 35. odolki lehiaketa.
Olano etxeko harakinek, Jose Manuel Olanok eta Loinaz Usabiagak, zazpigarren aldiz jarraian jaso dute aurten, Beasaingo Kofradiaren eskutik, odolkiaren errege eta erregina titulua.
Goierriko eta Gipuzkoako 12 odolkigile lehiatu dira 35. lehiaketan. Hiru izan dira parte hartzaileetatik Beasaindarrak. Beste bi Oriotarrak eta gainontzeko herrietatik odolkigile bana aurkeztu dira: Ibarra, Ordizia, Lasarte, Donostia, Astigarraga, Aia eta Zegama. Epaimahaiak Beasaingo hiruak bidali ditu finalera odolkiak dastatu ondoren.
Aurtengo edizioko epaimahaia sei lagunek osatu dute: Sonia Tapia, Joseba Arguiñano, Jone Karres, J.M Azpeitia, Jose Javier Mendia eta Ivan Mate. Haien lana hamabi odolkiak dastatzea eta puntuatzea izan da, zaporean, mozketan eta pikatuan arreta berezia jarriz. Epaimahaikideen usteetan, Beasaingo odolkiak zapore berezia du, ez diotelako hainbeste piperrauts botatzen, besteak beste.
Dastaketa lana egiten zuten bitartean, bertara gerturatutako herritarrek ere izan dute odolkiaz gozatzeko eta edariaz goxatzeko aukera. Aurten, Oiharte sagardotegia izan da sagardo hornitzailea. Horretaz gain, jaia girotzeaz musika eskolako trikitilariak eta pandero joleak arduratu dira.
Bestalde, odolkia protagonista izateaz aparte, beste motatako elikagai zein produktuak erosteko aukera ere egon da Gernika pasealekuan kokatu den azokan.
Esan bezala, Olano harategiak irabazi du aurtengo edizioa. Hori dela eta, datorren urteko otsailaren 5ean Kofradiak ospatuko duen egun handian bere odolkiak dastatu ahal izatea jaso dute saritzat, 300 euroez eta txapelaz gain. Txantxetan ere, Joxe Felipe Auzmendi esatariak iradoki du Andre Mari kaleari Olano izena jartzea.