Laukotea, azken lau saiotarako
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken final-laurdenean, sailkatzeko atarian geratu da Maialen Akizu. Elustondo, Urdangarin, Iturriotz eta Apalategi, finalaurrekoetan
Berrogeita bitik hemezortzira murriztu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan tropela. Final-laurdenen ataka Azkoitian itxi zuten, larunbatean. Bost saioen irabazleekin Beñat Gaztelumendi 2015eko txapeldunak irabazi du saioa, beste 13 leku bete dira finalaurrekorako. Lau goierritar igaro dira hor: Nerea Elustondo, Iban Urdangarin, Amaia Iturriotz eta Iñaki Apalategi.
Maialen Akizu urretxuarra, Goierrikoen artetik kantatzeko falta zena, Azkoitian 3. izan da. Bildutako 443,5 puntuek, doi, baina ez diote aurrerako txartelik eman. Unai Gaztelumendiren 451,5ek jarritako kortetik 8ra geratu da. «Puntuak esan zituztenean pena handia hartu nuen, atarian geratu izanagatik. Gustura gelditzeko saioa egin izan banu ere», zioen atzo Akizuk.
Zapore gazi-gozoa utzi dio saioak. Zortziko handiko gaiarekin hanka aldatuta hasi zen, gozakaitz. Txikian buelta ematea lortu zuen, eta puntu gehien batu zituen. «Nola hasi izanak asko eragiten du. Estropozuka hasi nintzen, eta saiotik aterata aritu nintzen. Kartzelan esan zidaten ondo ari nintzela; ez erortzeko nahiarekin egin nuen azken ariketa».
Bi hilabeteko buru janak
Irailetik abendura da Txapelketa, eta une erabakigarrietara gerturatzeko tentsioak ere faktura pasatu du. Akizuri, esaterako «luze» egin zaio: «Bi saio bakarrik kantatu ditut, baina buruan beti hori dudala. Gogotsu bai, baina era berean nekea ere sumatzen zen larunbateko saioan.
Bestetik, gogoetarako beharra ere plazaratu du. «Txapelketak alde polita badu, baina min dezente ematen duen kontestu bat da. Bertsotan zer ari garen baloratzen, Gipuzkoa nola dagoen, zer utzi duen txapelketa honek… beroan azterketa bat egin nahiko nuke», iritzi dio Akizuk.
Bi asteko etenaldia izango du Txapelketak orain, azaroaren 17ra arte. Finalaurrekoen fasea hiru saiotan jokatuko da, igande banatan: Arrasaten, Oiartzunen eta Tolosan. Bakoitzeko irabazlea zuzenean igaroko da finalera, beste bostak puntuazioz.