EAJk irabazi ditu hauteskundeak Goierrin, eta EH Bildu igo da gehien
EAJk mantendu egin du apirileko boto kopurua eta lehen indarra da; EH Bildu eta PP igo egin dira, eta PSE-EE eta Ahal Dugu jaitsi; VOXek 386 boto lortu ditu.
Espainiako Gorteetarako Hauteskundeen errepikak apirilekoen antzeko emaitzak utzi ditu Goierrin. EAJ izan da alderdirik bozkatuena; 300 boto galdu baditu ere, 12.000ko botoko mugatik gora jarraitzen du. EH Bildu da bigarren indarra Goierrin, 250 botoko igoerarekin. PSE-EEk hirugarren alderdirik bozkatuena izaten jarraitzen du, nahiz eta 700 bototik gora galdu dituen. Galera handia izan duen beste alderdi bat Ahal Dugu da, 1000 boto gutxiagorekin. PPk 100 boto gehiago lortu ditu eta Ciudadanosek galera handia izan du, 350 boto gutxiago, kasik VOXek lortu duen boto kopuru bera.
Partehartzearena izan da behera egin duen beste kopuru bat. Gipuzkoa mailan %68,5ekoa izan da, apirilean baino 2,5 puntu txikiagoa. Portzentaia herri guztietan jaitsi da, handienetan %70etik behera. Aurrekoetan bezala, Zerainen izan da partehartzerik handiena, %83koa, hain zuzen ere.