Leire Moreak irabazi du Ataungo Mondejuaren lehiaketa
Leire Moreak irabazi du Ataungo San Martin jaietan ospatu den 10. Mondeju Lehiaketa. Horren aurretik, "Mondejuaren Lagun" oroigarria eskeini diote Kaxeta etxeko Adelita Apalategiri.
San Martin jaietako ekitaldi garrantzitsuenetako bat izan ohi da Mondeju lehiaketa. Aurten, hamargarren edizioa ospatu dute bertakoek, aurreko urteko lehiaketako partaide kopurua bikoiztuz. Hain zuzen ere, zortzi izan dira gaurko egunez epaimahaiak dastatu beharreko mondejuak. Epaile lanetan, Pili Barandiaran, Maite Garmendia, Iker Markinez, Santos Aldasoro eta Inazio Garmendia aritu dira.
Haien ustez, Leire Moreak eginiko mondejua izan da hoberena. Bigarren postua aldiz, Ane Tapiak, Egoitz Goikoetxeak eta Mikel Dorronsorok osatzen duten hirukote gazteari eman diote. Sailkapena Xabier Anzak eginiko mondejuak itxi du.
Horrez gain, sari banaketari ekin baino lehen, “Mondejuaren Lagun” oroigarria banatu dute. Aurten, Kaxeta etxeko Adelita Apalategik jaso du ohore hau mondejugintzan egindako lanagatik. Oroigarria bere semea den Fermin Jauregik jaso du.