Gazte Astea hasi da
Lazkaoko Gazte Asanbladak hitzaldiz eta ekitaldiz osatutako aste berezia antolatu du. Igor Meltxor hizlari izango da gaur
Piztu dadila sua goiburupean, Gazte Astea antolatu du Lazkaoko Gazte Asanbladak. Gazte festekin bukatuko den egitaraua aste osora luzatu dute. Herenegun, Gerrikok antolatutako komunikazioari buruzko Fito Rodriguezen hitzaldiarekin hasi zen berez, eta gaur jarraituko du. Igor Meltxor kazetariak Zer dago apustu etxeen atzean? hitzaldia egingo du, gaur 18:30ean, Gerriko elkartean.
Bihartik larunbatera, festa giroko jarduerak izango dira. Txosna muntatuko dute plazan, eta pintxo-potea egingo dute (19:00). Ane Labaka, Mikel Tapia eta Joanes Illarregi bertsolariekin bertso-afaria egingo dute, 21:00etan.
Ostiralean, Ataungo eta Lazkaoko gazteen arteko jolasak (18:00), talo jana (19:00), presoen alde elkarretaratzea (20:00) eta Bull DJa (22:30) dituzte.
Larunbatean, azkenik, egun osoko festa jarriko dute. Areto futbol txapelketako finala jokatu (11:00), eta bazkaria dute gazteek (14:30). Polekeleke txarangak (18:00) eta Kilimak, Hell Riders eta Rotten XIII taldeen kontzertuak (22:30) girotuko du gaua.













