Lazkaoko Areria antzokirako sarrerak 'on line' erosteko modua jarri dute
Areria antzokikan garatzen diren ekitaldietarako sarrerak Internet bidez erosi ahalko dira aurrerantzean, lehendik zinema-emankizunekin egin zitekeen era berean. Erosleari erosotasuna emango dion on line sistema txertatu du lazkao.eus webgunean. Gaur iluntzeko Amerri ikuskaria izango da modu horretan sarrerak saldutako lehenengoa.
Ikuskizuna baino hamabost egun lehenagotik egongo da jada Interneten sarrerak erosteko aukera, edozein garaitan eta gailu ororen bitartez. Areriako aforo guztiaren %70 jarriko dute Interneten salgai; gainontzeko eserlekuak aurrez udaletxean edo egunean bertan Arerian jarriko dira. Prezio bera izango dute sareko sarrerek nahiz fisikoki erosiek.
‘Goazen!’-ekoak, aurki
Gaurko Amerri ikuskizunaren ondoren (20:15ean hasiko da), hurrengo ekitaldia Goazen! telesaileko aktoreen emanaldia izango da, abenduaren 15ean, igandea. Bi saio egingo dituzte, 10:30ean eta 12:30ean.
Goazen!-eko saioetarako sarrerak on line salgai abenduaren hasieran jarriko dituzte, udalaren webgune ofizialean.













