Besteak beste, presoei bidaltzeko postal tailerra eta giza katea egin da Itsasondon.

Sare elkartea egitarau zabala burutzen ari da asteburu honetan “larriki gaixo dauden presoak etxera” lemapean. Gaur Itsasondon, postal tailerra, giza katea eta argazki erraldoia egin dute. Adin guztietako herritarrak gerturatu dira Itsasondora elkartasuna adierazteko asmoarekin. Giza katea trikitiaz eta panderoaz girotu da.
Sarek zabaldutako esku-orrian azaltzen den moduan, 21 dira gaur egun larriki gaixo dauden euskal presoak. Mikel Otegi itsasondoarra 2003tik dago preso. 2017tik sindrome koronario akutua dauka eta espetxean egoteak gaixotasuna zailtzen duela iritzita, gaixo dauden presoen askatasuna aldarrikatu dute.
Salbuespeneko espetxe-politikarekin amaitzea du helburu Sarek, «larriki gaixo dauden presoak heriotzara kondenatuta daudelako». Era berean, espetxeetako osasun-baldintzak oso kaxkarrak direla salatu dute.
Itsasondokoaz gain, leloaz apaindutako “anbulantzia” bat dabil Goierri osoa zeharkatzen. Zumarragako ospitalean eta Beasaingo anbulatorioan ez ezik, Lazkaoko plazan ere atera dute jada elkartasun argazkia. Bihar, Beasaingo plazapean 12:00etan egoteko deialdia egin dute. Arratsaldean berriz, 18:30etan egongo dira Ordiziako plazan.