Idiazabalgo Gaztañaditxulo gaztandegira bisita gidatua
Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroak abenduko zubirako eskaintza turistikoa antolatu du. Beste aukeren artean, Gaztañaditxulo bisitatzea izan da jarduera nagusienetako bat.
Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroak bisita gidatua antolatu du larunbat goiz honetan plan polit eta ezberdin bat egiteko aukera eskainiz. Gaztañaditxulo baserrira gerturatu direnak, Ohiana Iguaranen eta Ander Barandiaren laguntzaz, gaztandegia ezagutzeko aukera izan dute.
Ukuiluan hasi da gaztandegian zehar egin den ibilbidea. Bertan, Idiazabal Gazta egiteko hain ezinbestekoa den latxa motako ardi eta arkume muturbeltzen inguruan hitz egin du artzainak. Besteak beste, ardi latxak, gaur egun arte dakigunez, gutxienez gure artean 4000 urte badaramatzatela aipatu du.
Bestalde, urte osoan zehar, ardiek daramaten bizi mota nolakoa den, urtaro bakoitzak ardi jeztean edota ernaltzean eta erditzean nola eragiten duen azaldu dute gidariek. Txikienek arkumeak laztandu eta hauei esnea emana ahal izan diete “Arkumetxoak ikusi eta ukitu nahi?” lemak dioen bezala.
Ukuiluaz gain, jezte gelan egungo teknologi berrien bidez erabiltzen diren tramankuluen funtzionamendua nolakoa den erakutsi dute. Garbitasunak norainoko garrantzia duen gogorarazi du behin eta berriz Ander Barandiaranek.
Behin esnea nola lortzen den ikusi ondoren, honek ardien errapeetatik gazta bilakatzeraino duen prozesuaz eta elaborazioaz hitz egin dute jarraitu behar diren pauso guztiak zeintzuk diren ikusiz.
Amaitzeko, bisitara inguratu diren guztiek bertako gazta mota ezberdinak probatu ahal izan dituzte mahai-inguru polit batean bildurik.