Ampo Ordiziak 30-33 irabazi dio Santboianari bere zelaian
Ligako lehen itzulia garaipen batekin bukatu du Ampo Ordiziak, eta ez nolanahi gainera; Santboiana indartsuari etxetik kanpo irabazi diote goierritarrek.
Asteburuan Katalunia aldera bidaiatu dute Ampo Ordiziako mutilek, urteko azken partida jokatzeko. Parean Santboiana talde indartsua zuten, eta aldez aurretik, ez zirudien partida erraza. Azken aldian, ordea, etxetik kanpo emaitza bikainak lortzen ari dira goierritarrak, eta hala egin dute asteburuan ere.
Aurreneko zatia aldapa gora hasi zen Ordiziarrentzat; etxekoak jaun eta jabe izan ziren zelaian, eta 19-7 aurrea hartu zuten atsedenaldira joan aurretik. Partidari buelta ematen jakin zuten, ordea. Bigarren zatian gogor lan egin behar izan zuten ordiziarrek, baina ahaleginak eman zuen fruitua, eta 11-26ko partziala eginda, 30-33 aurretik bukatu zuten. Araña, Olasagasti, Cruz eta Matoto izan ziren entsegugileak.
Sailkapeneko goikaldean finkatzeko balioko duten garrantzi handiko lau puntu lortu ditu Ampok. Laugarren jarraitzen dute, 37 punturekin, liderrarengandik 4 puntu eskasera. Orain atsedena hartuko dute, ukituta dauden jokalariak berreskuratu eta ligaren itzulirako dena prest izan nahi du klubak, azken txanpa ere indartsu etorriko baita.