Ikastolaren eraikin berria eta liburu azokak
Urretxu-Zumarragako Ikastolak eraikin berria egiteko proiektua aurkeztu zuen, gaur 15 urte. Beasainen Goiztiri AEK-k antolatutako euskal azoka egiten ari ziren. Eta Lazkaon, Rwanda elkartearen bidezko merkataritza azoka zen hizpide.
2018a urte berezia izan zen Urretxu-Zumarragako Ikastolarentzat, Kilometroak jaialdia hartu baitzuen; baina baita 2002a ere, orduan ere beraiek antolatu baitzuten ikastolen jaia. Handik lortutako diruarekin, eraikin berria egingo zuten gero. Gaur 15 urte aurkeztu zuten Elizalde eta hilerriaren artean egin nahi zuten eraikin berriaren proiektua. Ikastolako eta udaleko ordezkariek parte hartu zuten bertan. Lur horien truke, ikastolak Pagoetako lursaila herri erabilerarako emateko konpromisoa hartu zuen, gerora aparkalekuak egiteko.
Liburu eta disko azoken garaia ere bazen, eta Beasainen, Goiztiri AEK-k antolatutako azoka berezia egin zuten, kale nagusian okasiorako jarritako lokalean. Gabonetako opariak erosterakoan, herritarrek euskal kulturaren aldeko apustua egitea lortu nahi zuten. Lazkaon ere egitekoak ziren liburu eta disko azoka, baina hurrengo asteburuan.
Eta azokekin jarraituta, Lazkaon Rwanda elkarteak prestatutako bidezko merkataritza azoka egin zuten. Gihara herrian egindako eskolaratu gabeko haurrentzako Ikas-txokoa proiektua izan zuten hizpide, besteak beste. Azokarekin batera, Medicus Mundi erakundearen Isiltasunezko epidemia, HIESA Afrikan erakusketa ere jarri zuten ikusgai.