Zaldibian Herrigintza taldeak dohaintzan emango du udal jarduneko dirua
Bi legealditan zinegotziek udal jardunagatik jasotako dirua boltsa batean pilatu dute eta orain herriari itzuli nahi diote. Adinekoen eta gaztetxoen proiektuak lagunduko dituzte 12.000 eurorekin.
Zaldibian Herrigintza taldea, 2015eko udal hauteskundeetako argazkian // Hitza Zaldibian Herrigintza taldeak bi legealdi egin ditu Zaldibiako udalean, 2011-15 eta 2015-19 legealdietan. Zortzi urte horietan, zinegotziei udal jardunagatik zegozkien diru sariak kontu batean gorde dituzte. “Diru horretaz baliatu gara herriari begirako jakinarazpenak egiteko, bidean sortu diren kontsultak egiteko eta herrigintzarako behar izan diren baliabideak eskuratzeko”. Gastu horiek kenduta, 12.000 euroko soberakina gelditu zaie, eta orain, diru hori “herriari itzuli” nahi diote.
Udal aurrekontutik kanpoko diru sarrera bat denez, kopuru hori zertan inbertitu nahi duen azaldu du Herrigintza taldeak, ohar baten bidez. Bi proiektu nagusitara bideratu nahi dute, bata adineko herritarrei zuzendutakoa, eta bestea gaztetxoentzako proiektu baterako.
Kopuru horren erdia, 6.000 euro, “herriko jubilatu eta erretiratuen bizimoduan gure aletxoa” jartzeko bideratu nahi dute. Hala, Beti Gazte jubilatu elkarteari emango diote dirua, “Lahar Elkargoa edo antzekoren baten zerbitzuak” kontratatu ditzaten.
Gainontzeko 6.000 euroekin, 12-16 urte arteko gaztetxoek “aisia eta denbora librean hainbat ekimen egin ahal izateko” bideratuko dituzte, Hezi Zeb edota Kalexka bezalako elkarteekin lan eginez, batez ere, asteburuetako eskaintza hobetze aldera.
Horrekin guztiarekin, “Zaldibiako herriak egin digun ekarpenaren zatia itzuli” nahi diote herriari.













