Ordizia Rugby Elkarteak eta Moyuak babesletza akordioa berritu dute
Ordizia Rugby Elkarteak eta Grupo Moyua eraikuntza enpresak bosgarren urtez berritu dute elkarlan eta babesletza akordioa.
Grupo Moyua eraikuntza enpresak bosgarren urtez jarraian berritu du Ordizia Rugby Elkartearekin duen babesletza akordioa. Moyua taldeak Ordiziako Garagartza plazan jarri duen bulego berrian egin dute aurkezpen ekitaldia. Bertan izan dira OREko zuzendaritzako kideak, maila ezberdinetako jokalariak, eta Moyua taldeko ordezkariak. Enpresak “Goierri eskualdeko kirola sustatzeko konpromisoa” agertu du, eta Ordiziako taldearen “hazkundea bermatzeko eta beste urte batez ohorezko mailan gera dadin laguntzeko” egin du ekarpena.
Iñaki Galparsoro Ordizia Rugby Elkarteko presidenteak esker ona agertu dio Moyua taldeari, “klubarekiko laguntza berritzeagatik eta tokiko kirolaren aldeko apustua” egiteagatik. Igor Eguren OREko kudeatzaileak berriz, Moyua bezalako enpresek egiten dituzten ekarpen ekonomikoen garrantzia azpimarratu du, izan ere, “gu baino aurrekontu 3 aldiz handiagoak dituzten taldeen aurka” jokatzen du Ordiziako taldeak. Hala, “9.000 biztanleko udalerri batean maila altuko talde bat izateaz harro” daudela azaldu du.
Gorka Natxiondo Grupo Moyuako zuzendariak, bere aldetik, “Gipuzkoako kirolaren aldeko eta Ordizia Rugby edo Irun CD Bidasoa bezalako klubak babesteko erabateko konpromisoa” adierazi du. Era berean, eskualdeko enplegua bultzatzen dutela ere azaldu du, bertako profesional eta hornitzaileekin lan eginda, “Goierriko ekonomia zirkularra eta aberastea” lortzen baita.