Pintzelarekin lotsak galtzen

Bear pintura elkarteak "koloretako festa" pintura tailerra antolatu du gaur arratsaldean. Arimaren Margolariak telebista saioko hainbat kide aholkulari lanetan ibili dira.

Denok ikas dezakegu margotzen, eskua denok dugulako. Baina heldutan jolasteari uzten diogu, eta pintura jolas bat da”, dio Arantxa Orbegozo margolariak. “Gaurko helburua jolastea da, dibertitzea. Askok ez dute inoiz material onekin eta adituekin batera lan egiteko aukera izan, baina gaur aukera dute pinturarekin gozatzeko”, gaineratu du. “Ez dut askotan margotzen. Gogoa izaten dut, baina denbora nahi baino gutxiago. Tolosan aurretik egin zuten tailerrera joan nintzen, eta horrenbeste gustatu zitzaidanez, errepikatzea erabaki dut”, dio Amaia Sarasolak.

20 lagun baino gehiago elkartu dira azkenean, gehienak emakumeak. Nerabeak dira batzuk, baina helduagorik ere badago. Batzuek ohitura handia dute margotzeko, eta besteak hasiberriak dira. “Edonori zabaldutako tailerrak dira. Dibertitzea eta ikastea da jomuga, pinturarekin gustuko hartu emana izatea”, azpimarratu du Orbegozok. “Ni ere horrela hasi nintzen. Margotzeaz ezer ez nekiela, lagun batek zertzelada batzuk erakutsi zizkidan eta oso gustura egon nintzenez, biharamunean errepikatu egin nuen. Denbora eskainita, emaitza politak lortzen dira”.

Orbegozok, ikaslez inguratuta, koloreei buruzko 20 minutuko azalpen bat eman du saioaren hasieran. Ondoren, parte hartzaile bakoitzak txuri beltzeko irudi bat aukeratu du, eta irudi hori mihise zurira koloretan eraman dute. “Ez dugu perfekzioa bilatzen, koloreak imajinatzea, kontrasteak ikustea eta lortzea, oihal zuriari aurre egitea… baizik”, dio dinamizatzaileak. “Margotzen adina denbora pasatu behar da egin beharrekoa irudikatzen”.

“Zailena hastea izaten da”, esan du Jokin Telleria margolariak. Arimaren Margolariak saioko irabazlea da, eta Bear elkarteko irakaslea. “Beasainen zaletasun handia dago. 80 bat ikasle ditut, sei eta 82 urte bitartekoak”, azaldu du. Urbieta eraikineko estudioan ia ez dago zentimetrorik libre: pinturak, kristalezko poteak, zeramikak, bodegoiak, koadroak… non nahi daude. Paretetan zintzilik beste horrenbeste obra daude, hala nola, zaldi lasterketak irudikatzen dituen koadro bat, itsasontziak, paisaiak, erretratuak… Astoek gela guztia inguratzen dute, eta bakoitzaren parean ikasle bat.

“Asko gustatzen zait margotzea. Lan kontuengatik hasi nintzen, eta ez dut sekula utzi”, dio Sergio de la Fuentek. “Pintzela hartu eta inprobisatzea asko gustatzen zait. Nahi dudana egiteko askatasuna sentitzen dut, nahi dudana transmititzekoa”, gaineratu du.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa