Ampo Ordizia garaipenarekin itzuli da Burgosetik
Talde ordiziarrak "garrantzia handia" eman dio etxetik kanpo lortutako azken garaipenari, aurreko postuetan eta "play offetako borrokan" jarraitzeko aukera ematen baitie. Mohamed Aminek debuta egin du lehen taldearekin.
Ampo Ordiziak “garaipen garrantzitsua” lortu du asteburuan Burgosen, UBU Colina Clinic taldeari bere zelaian 18-28 irabazita. Garrantzitsua, sailkapenean arerio zuzenak direnek ere irabazi arren, lehen postuetan eta play offetako borrokan jarraitzeko aukera ematen diolako. Baina baita garaipen landua izan delako ere, “intentsitate handikoa”, bai defentsan eta baita erasoan ere.
Taldeak akats gutxi egin baditu ere, bakar horietako batean hartu zuen aurrea etxeko taldeak, 10. minutuan. Baina ordiziarrek egoerari buelta ematen asmatu zuten, eta Alain Arañak egindako entseguari esker, markagailuan aurretik (13-16) zirela joan ziren aldagelara. Aurreneko zatia joko aldetik orekatuagoa izan bazen ere, bigarrenean Ordizia indarrean atera zen, eta Oier eta Julen Goia anaien entsegu banari esker, 18-28ko aldea lortu zuten markagailuan.
Etxeko mutilek zeresan handia eman dute azken partidan. Harrobiko beste gazte batek ere, Mohamed Aminek, lehen taldearekin debuta egin du asteburuan. Hurrengo hitzordua, igande honetan, hilak 19, izango dute, Altamira zelaian, Alcobendas taldearen aurka.