Gazte asanbladak, presoak eta hotza hizpide
Gaur bezala, duela 15 urte ere hotzetik esnatu zuen egunak Goierrin, eta Ordiziako ferian ere nabaritu zuten hori. Goierriko gaztetxeak antolatzen eta elkarrekin biltzen hasi ziren. Eta Joseba Garmendia urretxuarrak, kartzelan bizitakoak eta Herriko tabernen eta Udalbiltza auzien berri eman zuen.
Zero azpiko tenperaturak neurtu dituzte gaur termometroek Goierriko hainbat herritan. Baina ez da oraingo kontua bakarrik; duela 15 urte ere, hotza izan zen hizpide, bai Goierriko kaleetan eta baita Hitzaren orrialdeetan ere. Ordiziako azokako kronikak hala jaso zuen 2005eko urtarrilaren 13 hartan: “Gripeak bereak egin ditu, baita Ordiziako azokan ere; atzo baserritar ugari etxean gelditu zen gaixotasunak jota, eta ezohiko itxura izan zuen feriak”. Hainbat sal-mahai hutsik gelditu ziren, eta joan zirenek, ahal zen moduan egin zioten aurre hotzari, batzuk salto txikiak emanez, besteek tabernako epelera ihes egin eta kafe beroa hartuz, eta gehienek, ohikoa baino bizpahiru arropa kapa gehiago jantzita. “Zer egingo diogu ba?” zioen saltzaileetako batek, “saldu beharrean gaude; ez naiz ba dena hartuta etxera bueltatuko, ezta?”
Goierriko gazteak ere antolatzen eta saretzen hasiak ziren, duela 15 urte Hitzak jaso zuenez. Asteburu hartan Urretxu-Zumarragan bildu ziren Goierriko Gazte Asanbladak, elkarlana bultzatu eta eskualde mailako ekimenak antolatzen hasteko helburuarekin. Beasain, Idiazabal, Legazpi, Legorreta, Ordizia, Ormaiztegi, Urretxu-Zumarraga eta Zaldibiako gazteek hartu zuten parte. Legorretako Gazte Piku asanblada, jaio berria zen garai hartan.
Presoen inguruko kontuak ere bai. Bilboko manifestazioa egin berritan, Iñaki de Juana Chaos preso legazpiarraren egoera salatu zuten Goierri garaiko Etxerateko kideek. Josune Begiristain eta Itsaso Olabidek kezka agertu zuten, “egoera berean dauden beste 130 bat presorekin berdina” egin zezaketeelako. Bestalde, bi urte eta zortzi hilabeteko espetxealdiaren ondoren, kartzelatik atera berria zen Joseba Garmendiarekin egindako elkarrizketa argitaratu zuen Hitzak, egun haietan. Herriko tabernen eta Udalbiltza auziengatik espetxeratu zuten, eta preso egon zen denboran “bizi baldintzak gutxitu” egin zirela salatu zuen urretxuarrak. Etxera etorri eta aurreneko gauza, Irimo mendira igotzea egin zuen.