Jon Aizpuruk Chamonixeko UTMB proban parte hartuko du
Abuztuan Mont Blanc mendiaren magalean jokatuko den probako partehartzaileen zerrenda ezagutarazi du UTMBk.
Ehunmilietako proben ‘erregina’ bezala ezagutzen den Chamonixeko UTMBk egunotan jakinarazi du aurtengo partehartzaileen zerrenda. Mundu mailako izen handi ugari izango dira bertan, eta tartean da 2019an Ehunmilak irabazi zuen Jon Aizpuru beasaindarra. Iaz ere parte hartu zuen Chamonixeko 170 kilometroko lasterketan, baina 60 kilometroren faltan erretiratu egin behar izan zuen, 12. tokian zihoala, txorkatila okertu eta gero.
Beasaindarrarekin batera, beste hainbat euskal ordezkari ere joango dira Mont Blancera; Javi Dominguez eta Maite Maiora proba nagusian ariko dira, eta Jon Azpiroz 145 kilometroko TDS proban. Lasterketak abuztuaren 24tik 30era bitartean jokatuko dira, Frantziar Alpeetako Chamonix hirian.