Zahar egoitzetako langileek otsailaren 7ra arte luzatuko dute greba
Ostiralean bildu ziren ELA eta patronala baina soluzio ezaren aurrean greba luzatuko dute. Datorren ostiralean bilduko dira berriz ere.
Datorren otsailaren 7ra arte luzatuko da Gipuzkoako zahar egoitzetako langileen greba. Hala jakinarazi du ELA sindikatuak, ostiralean patronalarekin bildu eta gero. Patronala «etxeko lanak egin gabe» joan zen bilerara, eta mahai gainean «proposamenik jarri ez» zutenez, gatazkaren aurrean «momentuz ez dago soluziorik». Greba deialdi berriarekin, 182 greba egun bete dituzte gaur.
Iragan ostiralean elkartu ziren ELA sindikatuko eta patronaleko ordezkariak erresidentzietako langileei eragiten dien gatazkari konponbidea emateko. Sindikatuak eskatu zion patronalari bi baldintza beteko ote zituen argitzeko: 2017. eta 2018. urteei dagozkien soldatak igotzea eta mahai sektorialean sinatutako hitzarmena enpresa bakoitzak zigilatzea. Patronalak, «ez zuen erantzunik eman», ELAk adierazi duenez.
Aste honetan, ostiralean, hilak 17, berriz bilduko dira ELA eta patronala. Patronalak esan die proposamen bat eramango dutela sindikatuak jarritako baldintzei buruz.
Goierrin, Ordiziako, Zumarragako, Lazkaoko eta Beasaingo erresidentzietako eta Legazpiko eguneko zentroko langileei eragiten die.