Euskal Herriko Mus Txapelketaren Goierriko kanporaketak hastear
Euskal Herriko Mus Txapelketa martxan da dagoeneko, eta hasiak dira herriz herri aurreneko kanporaketak jokatzen. Goierriri dagokionean, Idiazabalen dute aurreneko hitzordua, larunbatean. Legazpin, Arriaranen eta Zaldibian ere, datozen asteetan jokatuko dute.
Euskal Herriko Mus Txapelketak ekin dio urteroko ibilbideari, eta dagoeneko hasiak dira, hainbat herritan, kanporaketak jokatzen. Goierriri dagokionean, Idiazabalen jokatuko dute aurrenekoa, larunbat honetan, hilak 18. Ez da urtarrileko saio bakarra izango, ordea. Legazpin (hilaren 23an) Beasaingo Arriaran auzoan (25ean), eta Zaldibian (31) ere jokatuko baitute. Datozen asteetan jakinaraziko dituzte gainontzeko herrietako kanporaketak noiz izango diren.
- Urtarrilak 18. Idiazabal. 16:00etan, Axari elkartean.
- Urtarrilak 23. Legazpi. 21:30ean, Karibe Zaharra tabernan.
- Urtarrilak 25. Arriaran. 16:30ean, Intxaurpe elkartean.
- Urtarrilak 31. Zaldibia. 22:00etan, Joxepane ostatuan.