Euskara biziberritzeko plana, meategiak eta kirola
Urretxuko eta Zumarragako udalek Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia aurkeztu zuten, gaur 15 urte. Aitor Garmendiak txirrindularitza utzi zuen, 14 urteko ibilbidearen ondoren, eta omenaldia egitekoak ziren jaioterrian. Zerainen berriz, meategiak berreskuratzeko proiektua jarri zuten martxan.
Euskararen alorreko albiste on batekin zabaldu zuen Goierriko Hitzak 2005eko urtarrilaren 14ko egunkaria. Izan ere, Urretxuko eta Zumarragako udalek, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onartu zuten, eta baita prentsaren aurrean haren berri eman ere. Transmisio eta sentiberatze kanpainak, euskara merkataritzan eta zineman bultzatzeko programa, haur eta gazte etorkinentzako saioak, Mintzalaguna egitasmoa, Zintzo Mintzo elkartearen egitasmoak laguntzea (tartean Otamotz aldizkaria) jasotzen zituen planak, besteak beste.
Kirol arloko albiste ugari ere ekarri zituen Hitzak egun hartan. Batetik, Oiangu pilota elkarteko Azeari Andonegik eta Tomas Lacallek I. Eguberri Saria irabazi zutelako. Belaunaldi ezberdinetako jokalariak baziren ere, ondo moldatu ziren elkarrekin. Txapelketa horretan, orduko Munduko Txapelduna zen Ducharry lapurtarra ere mendean hartu zuten, besteak beste.
Bestetik, Aitor Garmendia txirrindulari ohiari herritarrek egin behar zioten omenaldiaren berri ere eman zuen Hitzak. 14 urte profesionaletan aritu eta 21 garaipen lortu eta gero hartu zuen erretiroa itsasondoarrak. Omenaldi gehiago jaso bazituen ere, “herrian bertan izatea berezia” zela azaldu zuen, eta “esker ona” agertu zien. Bereziki ONCEn eta Baneston aritutako urteak izan zituen gogoan, eta Tourrean eta Espainiako Vueltan egindako lorpenak.
Zerain Dezagun fundazioak, Aizpeako meategiak eta ingurunea berreskuratzeko martxan jarritako proiektuaren berri ere eman zuen Hitzak, duela 15 urteko egunkarian. Herriaren historia eta izaeratik abiatuta, turismoa bultzatzeko proiektua zabalago baten parte zen. Ingelesen etxea berritzen ari ziren ordurako, bisitarientzako harrera eta erakusketa gunea bertan kokatzeko asmoarekin. Meategietako galeriak txukuntzen ere ari ziren, eta baita inguruko landareria berreskuratzen ere.